XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arte Garaikideko Hiztegia

Fotografia

Baliabide berri hau 1839an asmatu zen, eta 1860tik aurrera etengabeko eboluzioan arituz, pinturari erreboluzioa ekarri zion errealitatea atzitzeko arlo horretan.

Artista batzuk berehala eta tajante haren kontra atera ziren bitartean, beste batzuek oso azkar erabili zuten gizakiaren eta ingurunearen kaptazio fotografikoa beren pinturarako gida bezala (Delacroix).

Batez ere artista inpresionistek (Manet, Renoir, Pisarrok) aprobetxatu zituzten fotografiaren ahalmenak paisaje eta erretratuen pintura egiteko, atmosferako argiaren gorabehera aldakorrak xehetasunez estudiatzeko balabide bezala.

Dadaista eta surrealistek, ordurarte erabili gabeko gaitasun konfiguratiboak atera zizkioten teknika fotografikoari, fotomontajea eta schadografia asmatuz (fotografi paperaren gainean objektuak zuzenean aplikatu ondoren egindako esposizioa).

Espresio artistikoaren baliabidezko osagarri izan zen, eta horren barruan collageak eta teknika erretikularrak forma eta aldagai anitz ateratzeko modua ematen dute.

Pop artearen ondoren, pinturaren tresna lagungarri garrantzitsu izatera itzuli da berriro fotografia, pinturaren eredu edo patroi bezala erabilita, objektuaren erreprodukzio objektibo eta supergarbia ematen baitu.

Han, 1968ko inguru hartan, Estatu Batuetan eta Europan estilo nagusi bezala jarria zegoen errealismo fotografiko edo hiperrealismo deitutakoaren hainbat modalitatetan, errealitatearen erreprodukzioa ez da norberaren perspektiba optiko indibidualean oinarritzen, irudiaren bozetoa egiteko balio izaten duen kamara-objektiboaren jartzeko moduan baizik.

Superkoadro errealistak egiterakoan, irudia telaren gainean proiektatu eta xehetasun guztiarekin kopiatzen da.

Hortik aurrera, artista bakoitzak erakusten du, efektu batean ala bestean saiatuz, bere grafia propioa, eta bozeto fotografikoa bere modura manipulatzen du difuminatuaren, kolore-pikatuaren, sakontasun-efektuaren, eta abarren bidez.

Fotomuntaia

Papera eta tela-puskak kolatuz egindako collagea Picasso eta Braque kubistek erabili zuten lehenengo, eta Zuricheko dadaistek geroago.

Montaje-teknika hori, Raoul Hausmann eta Richard Huelsenbeck-en inguruan bildutako dada taldeak fotografiara pasa zuen gero, probokazio-oposiziozko arte-metodo bezala.

Fotomuntaia, beraz, ekintza politiko eta kritika sozialeko tresna bat izatera etorri zen honela, bere inpaktu-indarra, hain zuzen, errealitateko fotografi zatiekin egindako collage librean oinarritzen baitzen, montajearekin deklarazio indar ustegabeko bat ateratzen zitzaien eta.

Horregatik Hausmannek produktu satiriko-surrealistak deitzen zien bere fotomuntaiei.

Fotomuntaia, denak zurrunbilo nahasian bildutako puntu fokal eta plano bisualen leherketa bat izan zen hasierako bere forma hartan..., eta poesia aldibereko, estatiko eta fonetiko hutsa aurkitua zuten dadaista haiek errepresentazio grafikoan aplikatu zituzten, kontsekuentzia osoz, printzipio berdinak.

Berak izan ziren ezaugarri material eta espazial bereziak eta, askotan, elkarren kontrakoak zituzten elementu estrukturaletatik abiatu eta material fotografikoa unitate berri bat sortzeko erabili zuten lehenengoak, gerraren eta iraultzaren kaosari irudi erreflexu bat, optikaz eta bere fondo ideologikoz berria zen irudi bat atera ziotenak.

Eta konbentzituta zeuden ezen beren metodoek propaganda-indar handi bat zeramatela beren barruan.

Fotografi zatien muntaketa agresibo eta probokatzailea erabiliz errealitatearen alde absurdo eta abstrusoa artikulatzeko ahalbidea hortxe geratu zen, dadaisten mugimendua pasa ondoren ere, fotomuntaiaren funtzio nagusi bezala; eta intentzio horrekin egin izan da berrogeita hamarreko eta hirurogeita hamarreko urte horietan, batez ere errealista berrien artean.

Hala beraz, argi geratu ziren lan-modu honek oposiziorako zituen ahalmen tekniko ugariak, oposizio hori ulertuz fotomuntaiaren bitartez egindako deklarazio dialektiko formal bezala, Wolf Vostell-en kasuan batez ere.

Garaiko gertakizunen dokumentu fotografikoen collage supradimentsional moduko fotomuntaiak berez, eta beregan ispilatzen du ingurune automatizatuaren eta makinalki jokatzen duen gizakiaren artean sortutako suntsipenezko harreman baten paradoja.

Freskoa

Karezko koloreekin egindako horma-pintura da; koloreak zarpeatu edo entokatu oraindik hezean ematen dira eta behin fraguatutakoan tratatutako gainazal horren gainean geratzen dira gogor itsatsita.

Frottagea

Max Ernst-ek asmatu zuen 1925ean marruskadura edo igurzketa moduan egindako frottagea, eta, hain zuzen, berez eraikitzailea eta konfiguratzailea den intelektoa irudiaren konposiziotik kanpora utzi eta irudiari berari darion irudimenaren hegaletan uzteko erabiltzen zuen.

Frottagea medio, lapitzez egindako itzaleztatu baten bidez, paperera edo oihalera pasa daitezke egur-puska baten edo hosto lehor baten azal zimur batek dauzkan betadibujoak.

Itzaleztatu horretatik ateratzen diren dibujoek idazkera automatikoaren (Breton) askatzaile bezala jokatzen dute eta, ondorengo prozesu piktoriko batean, fantasian eratzen diren figurazioak usnatzeko balio dute.

Fumagea

Wolfgang Paalen-ek asmatu zuen 1937an suarekin egindako collagea, eta idazkera automatikozko teknika (surrealisten teknika) bezala erabili zuen.

Paalenek kandela baten sugarrarekin egiten zituen kedar-arrastoak aurrez koloreztatutako paper baten gainean, gero arrasto horiek azpimarratuz beste pintura-prozesu baten barruan.

Johannes Schreiter-ek ketzeko beste teknika bat erabili zuen bere collageetan: paper erre-ximeldua eta egur erdi errea hartu eta collagean montatzen zituen sutatik pasatu ondoren.

Funk artea

Edward Kienholz, Paul Thek eta Bruce Conner neodadaista iparramerikarren environment-arteari ematen zaion izena da, hauek, probokazioa sortzeko inpaktuz baliatuz, espazio bitxi-aldrebesetan formulatzen baitute beren kritika ironiko-satirikoa edo beren nazka elegiako-surrealista burges-txikien way of life kirastiaren aurrean.

(Karin Thomas: Dumont's kleines Sachworterbuch zur Kunst des 20. Jahrhunderts hiztegiaren itzulpena)

Gorka Salmeron, Leaxpi industri paisaiak, 1992.